XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aingeruak baino doi-doi txikiago egin duzu, ospez eta aintzaz koroatu duzu; guztia oinperatu diozu.

Denak Haren oinpean jartzean, Jainkoak ez du ezer utzi Haren menpeko egin gabe.

Baina guk oraindik ez dugu ikusten, denak Haren menpeko direnik.

Apur batez aingeruak baino beheragotua izan den Jesus, orain aintzaz eta ederrez koroatua ikusten dugu, jasan zuen heriotzeagatik; Jaungoikoaren onginahiz, guztien onerako hartu zuen heriotzea.

Gauza guztiak Berarentzat eta Berarengatik egin zituenak, egoki iritzi zuen seme asko aintzara eramateko, haien salbamenaren egilea oinaze-bidez bere betera eramatea.

Santutzailea eta santu eginak, guztiak jatorri batetik datoz.

Horregatik ez du, haiei senide deitzeko lotsarik, hau esaten bait du: Zure izena nire senideei diet agertuko; batzarrearen erdian zaitut goretsiko.

Eta beste toki batetan: Harengan ipiniko dut nik nire ustea.

Eta beste batetan: Hona hemen ni nireekin, Jaunak eman dizkidanekin.

Familia berekoek odol eta haragi bat-bera dute; eta Jesusek ere gure odola eta haragia hartu zituen, bere heriotzeaz heriotzearen nagusiaren deabrua ezerezteko, eta heriotze-beldurrez bizitza guztian morroi zeudenak askatzeko.

Eta bere eskua luzatu die, ez aingeruei, Abrahanen jatorriari baizik.

Horregatik, gauza guztietan senideen antzeko izan behar zuen, errukior izan zedin eta Jainkoarenganako gauzetan apaiz nagusi leial, herriaren bekatuak ordaintzeko.

Berak, tentaldiak eta oinazeak izan zituelako, lagun diezaieke tentaldian daudenei.

Lagun diezaieke: Alferrikako lana da gizon-emakumeei lagundu nahi izatea, hauekin batera biziz ez bada.

Andre-gizonekiko solidaritza, eta hauengandik urrun egotea, bi hauek ez dira elkarrekin ongi ezkontzen.

Solidaritza bakarra da kristauei ukatu behar zaiena: gaizkiarena.

Jesus bekatarien lagun egin zen, eta hauekin batera mahaian eseri.

Eta heriotzearen aurrean beldurtu egin zen.

Baina inork ere ez zion bekatuaren salakuntzarik egin, eta inoiz ere ez zion Berak amore eman gaizkiari.

Horregatik, gure salbatzaile bezala egin diezaiokegu gure aitormena.